Noticias

 

Aurten laugarren aldiz, Enkarterriko Mankomunitatea osatzen duten hainbat udalerritako 3. DBHko ikasleak baita euskaltegietakoak ere Zalla zine-antzokira bertaratu dira Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu dituen MUSIKA TOPAKETAK ikustera. Izan ere, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izan da eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira.

Topaketa horien helburua ENKARTERRIKO NERABEEK EUSKAL MUSIKARIAK EZAGUTZEA eta euren esperientziak entzunda, EUSKAL KULTURARA HURBILTZEA izan da.

Musika Topaketetan izan diren 190 ikaslek ENKORE eta NAPOKA IRIA taldeetako musikarien eskutik entzun ahal izan dute kantuen sorkuntza zelan egiten den, eta zein nolako esperientzia eta hastapenak izan dituzten musika munduan. Horretaz gain, euren musikaz gozatu ahal izan dute, talde biek abesti bana jo dutelako. Hori guztia moderatzaile baten gidaritzapean egin da; aurten Ugaitz Alegria aktorea izan dugu gure artean eta saioa modu dinamikoan bideratu du musikariei ez ezik ikasleei ere tartea emanez galderak eta komentarioak egiteko. Izan ere, komentarioak eta galderak zuzenean eta twitterren bidez egin ahal izan dituzte ikusleek, publikoarekiko interakzioa bilatuta. Galderak egiten dituztenen artean musika taldeen CD-ak eta kamisetak banatu egin dira.

Horretarako, Zalla Zine-Antzokiak bi gunetan banatu dugu: batean, moderatzaileak musikarien aurkezpena eta hastapenei buruzko elkarrizketa bideratu ditu eta horrekin batera bere bideo batzuk ere ikusi dira. Bestean, ENKORE eta NAPOKA IRIA taldekoek abesti bana jo dute. Aurten, sorpresa bat izan dugu eta Sopuertako San Viator ikastetxeetako ikasle bik NAPOKA IRIA taldearen abesti bat interpretatu dute eta talde horretako partaideen esker ona eta zorionak jaso dituzte. Azken finean, topaketa hauetan ikasleen parte-hartzea ahalik eta gehien bultzatzea da Euskara Zerbitzuaren xedetariko bat.

Zalla Irratiak ekitaldi osoa grabatu du gero emititu ahal izateko. Youtuben ere ikusgai dago interesa duen ororentzat (bideoa ikusi) eta Enkarterriko Mankomunitatearen web orrian.

Nahiz eta bertaratu direnak ikasleak izan diren, ekitaldia IREKIA da eta datorren urtean ikastetxeetan ez dauden gazteak ere hurbiltzera animatzen ditugu.