Noticias

 

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro ere Enkarterriko berbalagun programa. Honako hau 12. ikasturtea da, beraz Euskal Herri osoan ezaguna den egitasmo honek, indarra hartu du gure eskualdean ere. Pasa den ikasturtean 13 izan ziren martxan egon ziren taldeak; eta talde hauetan ia 100 lagunek parte hartu zuten. Oraingoan ere, beraiekin batera euskaraz gozatzeko gonbita egiten digute Praktikatu eta Bizi! lemapean.

Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak.  Berbalaguna, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan...

Izena eman nahi dutenek Enkarterriko AEK euskaltegian, Udal Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan edo Mankomunitateko zein Balmasedako udaleko euskara zerbitzuetan dute izena emateko aukera, baita telefonoz edo whatsappen bidez (671 070 044),  edo e-mailez (enkarterri@aek.eus) ere. Informazio gehiagorako blog-a ere badago: berbaterri.blogspot.com

GURASOLAGUN

Egitasmoa hazten doan neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz doaz gure mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik garbiena GURASOLAGUN da.

Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honekin, guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeekin berbataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.

Aurten, nobedade moduan, Enkarterrin Gurasolagunen pasaportea abiarazteko asmoa daukagu. Honetan, gurasoek umeekin batera ikasturtean zehar antolatuko diren hainbat ekitaldietan parte hartuko dute, eta ekitaldi gehienetara hurbilduko direnek sari bikaina jasoko dute.

Bestaldetik, Berbalagun eta Gurasolagun guztiek, bidaia eta egonaldietarako deskontuak eskuratu ahalko dituzte , AIZU! eta Argia aldizkariak eta berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila.