Noticias

 

Askotan zaila izaten da 14-15 urteko gazteentzat jarduera egokiak antolatzea euskarara hurbiltzeko, baina, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan ez dugu etsitzen eta saiakerak egiten ditugu, nahiz eta jakin zaila izango dela eurengana heltzea. Orain 5 urte, eskualdeko irakasleekin elkartu ginen eta adin horretako gazteak euskararen mundura beste modu batean erakartzeko beharra ikusi genuen. Horretaz gain, kirol gaietan euskarazko eskaintza nahiko mugatua zela ohartuta, GAZTE TRIATLOIA antolatzea erabaki genuen. Hortaz, 2009tik geroztik Zallako udal kiroldegian elkartzen gara egun batean eskualdeko ikastetxeetako 14-15 urteko gazteekin eta triatloi proba bat egiten dugu. Ikasleak urterik urte gogotsuago daude eta parte hartze handia izaten da.

Urtero bezala, ikastetxeetako kirol irakasleekin elkartu eta data eta proben ezaugarriak zehaztu genituen. Bada, maiatzaren 17an Zallako Udal Kiroldegian GAZTE TRIATLOIA jardunaldia egitea erabaki genuen. Eguraldiak eguna hondatuko zigula zirudien, baina, zorionez, ateri eutsi zion eta proba guztiak egin ahal izan genituen. 

Goizeko 10:00etan elkartu ginen Zallako Zalla BHI eta  Maristas, Sopuertako San Viator eta Sodupeko Gueñes BHI eta Avellaneda ikastetxeetako 155 ikasle, hainbat irakasle eta antolatzaileak triatloiko probak egiteko. 10:30ean lehenengo probei ekin genien. Aurrez, irakasleek azaldu zieten nondik eta nola egin behar zituzten probak. Lehenengo banakako probak egin ziren, ikastetxe bakoitzetik bik egin zuten praktika neska batek eta mutil batek. 11:30 inguruan taldekako probari ekin genion: Ikastetxe bakoitzetik lau ikasle zeuden proba bakoitza egiteko beti bi neska eta bi mutil. Nekatuta baina oso pozik amaitu zuten guztiek.

Probak egiten ziren bitartean Jon Alegriak, kirol esatari profesionalak, bertan gertatzen zena kontatzen ari zen megafoniaz. Probetan parte hartzen ez zutenak bere ikaskideak animatzen ari ziren ikastetxeetan landutako euskarazko animo oihuak botatzen, eta pankarta bat baino gehiago ere ikusten zen inguruan. Dena euskaraz izan zen, gure helburutariko bat hauxe baitzen: kirol munduan ere euskarak baduela bere tokia erakustea.

Aurten, beste urrats bat eman nahi genuen eta Triatloiaren probez gain, euskararen erabilera bultzatzeko ginkana bat ere proposatu genuen. Bost proba antolatu ziren eta proba bakoitzean ikastetxeetako bikote (neska bat eta mutil bat) desberdin batek parte hartu zuen. Hainbat probek abilezia eta arintasuna eskatzen zuten eta beste batzuek teknologia berriak erabiltzen trebea izatea. Probak egiten ziren bitartean euskaraz hitz egin behar zuten. Proba horiek ere megafoniaz azaldu ziren parte hartzen ez zutenek zer gertatzen ari zen jakin zezaten. 13:30ean bukatu genuen dena eta ordu horretan aurten lehenengo aldiz, luntx bat antolatu genuen ikasleek elkar ezagutzeko asmoz eta kirol saioetan egindakoaz berba egiteko aukera izan zezaten.

Sailkapenei dagokienez, esan proba bakoitzean irabazle desberdin izan zirela, Banakako gizonezko proban Gueñes BHI izan zen garailea eta emakumezkoan, berriz, Zalla BHI. Taldekako probetan Maristas ikastetxekoek irabazi zuten baita ginkanakoetan ere. Dena den, Salkapen orokorrean Gueñes BHI geratu zen lehenengoa. Egun borobila izan zen eta gure helburua bete genuen, euskara erabiltzen gustura senti zitezela nahi baikenuen.

Gainera, egunean zehar gertatutako guztia grabatu zen eta DVD bat egingo da gero ikastetxeetara bidaltzeko eta bertan ikusteko aukera izan dezaten. Iaz egindakoa ikusi nahi izanez gero, ikusgai duzue ondoko helbidean sartuta: http://vimeo.com/44068628

Azkenik azpimarratu, alde batetik, ikasleek gozatu zutela kirola egiten euskaraz; eta, bestetik, bai irakasleek bai ikasleek adierazi zuten jardunaldia oso positiboa izan zela eta oso antolaketa ona izan zuela. Egia esan, kirol irakasleak hasieratik inplikatu ziren proiektuan eta eskerrak eman behar dizkiegu eman duten laguntzagatik eta jarri duten ilusioagatik

Beraz, datorren urtean aukera izatekotan, prest gaude berriro ere horrelako ekintza bat antolatzeko. Bada, okerrak zuzenduta eta ondo atera diren gauzak hobetuta euskara gazteengana hurbiltzeko ekintza erakargarria prestatzea izango da gure helburua.

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzua.