Albisteak

 

Aldundiak dei bat egin nahi die bizkaitarrei, harrera-familiak behar dira-eta. Gizarte Ekintza Sailak jakinarazi duenez, 25 familia behar dira, berehala. Zehatzago, harrera mota kontuan hartuta, honelako familiak behar dira:

  • 5 familia bilatzen dira umeak premiazko harreran hartzeko. Harrera mota hori ume txikienentzat da (3 urtez beherakoentzat) eta helburua da ume horien egoitza-zentro batera ez sartzea beren garapenerako funtsezkoa den une horretan.
  • 15 familia aldi baterako harrerak eta harrera iraunkorrak egiteko, 2 urtetik 9 urtera bitarteko umean zaintzeko. Ume horietatik 10ek harrera iraunkorra behar dute.
  • 5 familia, neba-arreben taldeak hartzeko prest daudenak. Esperientziak erakutsi du ume askorentzat oso garrantzitsua dela beren neba-arrebekin bizitzen jarraitzea jatorrizko familietatik bereizi direnean, eta, gainera, lasaitasuna ematen die. 7 urtez beherako taldeak dira; bakoitzean 2 neba-arrena daude.

Hainbat familia-harrera mota daude, egokiena bilatu behar baita ume bakoitzarentzat. Harrera bakoitzaren iraupena ume bakoitzaren beharrizan espezifikoen araberakoa izango da, baita adingabea etxetik ateratzea eragin zuten arazoak konpontzeko gurasoek behar duten denboraren araberakoa ere.

Premiazko harrerak sei hilabete inguru irauten du, eta hiru urtetik beherako umeei zuzenduta dago. Izan ere, umeen instituzionalizazioa saihestu nahi da, haien etorkizunari buruzko erabakia hartu bitartean, . Aldi baterako harrerak gehienez ere bi urte iraun dezake, eta adingabeek jatorrizko familiarekin itzultzeko aukera handia dutenean erabiltzen da. Eta, harrera iraunkorraren kasuan, berriz, iraupena mugagabea da, ez baitago garbi familiarekin itzultzeko aukera; hala ere, eutsi egin behar zaio umeak bere familiarekin duen lotura emozionalari.

Harrera-egile izan nahi duten familiek balorazio- eta prestakuntza-prozesu bat egin behar dute, pribatutasuna bermatzeko eta adingabe eta familientzat esperientzia ona izateko. Familiak, bikoteak eta pertsonak izan daitezke harrera-egileak, berdin dio seme-alabarik duten. Hauek dira hasierako baldintzak: umeak zaindu eta hezteko erantzukizuna hartzea, horretarako denbora izatea, harrera arloko teknikariei laguntzea eta hau garbi ulertzea: helburua ez da adopzioa, adingabeek bizi-historia bat eta familia bat dituzte aurretik, eta familia horrekin jarraituko dute harremanetan.

Gizarte Ekintza Sailak sustatu egiten du familia-harrera, babesgabe eta egoera ahulean dauden umeak babesteko funtsezko neurria baita. Azken helburua da ingurune osasungarri bat ematea eta etorkizun itxaropentsu bat eskaintzea; izan ere, urte horiek funtsezkoa dira beren garapenerako. Hori dela eta, harrera-familiek beharrezko lankidetza-lana egiten dute, kalitatekoa, eta jarrera solidarioa dute gure inguruko adingabe askoren sufrimenduaren aurrean.

Aldundiak eskerrak eman nahi dizkio Bizkaiko gizarteari orain arteko kanpainetan emandako erantzunagatik, eta lankidetzarako dei berri hau egiten die pertsona, erakunde, instituzio eta hedabide guztiei.

Harrera egin nahi dutenak Familia Harrera Sustatzeko Programaren teknikariekin jar daitezke harremanetan.

Telefonoa: 94.447.07.37

Posta elektronikoa: acogimientofamiliar@bizkaia.net

Web orria: www.bizkaia.net/acogimiento