Albisteak

 

Euskaraz egiten duten tabernari, dendari, ume zaintzaile eta bestelako lanen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan. Eskaera horri erantzuteko sortu zen 2011n beharsarea.net Getxon, Getxoko Euskara Zerbitzuak eta Egizu elkarteak sustatuta. Urtez, urte, gora egin du Getxoko Beharsasrea zena osatzen duten udalerri eta mankomunitateen kopuruak eta gaur egun Bizkaiko 68 udalerrik dute erabilgarri Beharsarea, eta horien artean Enkarterriko Udal Mankomunitatea dago.

Beharsarea, euskaraz  lan egin nahi dutenei buruzko informazioa kudeatzeko interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraza eta eraginkorra.

Zerbitzu hori betetzeko beharsarea.net ataria bi norabideetan presatuta dago, izan ere zuzenean kudeatzen ditu bai lan–eskaera bai lan-eskaintzari buruzko informazioa:

  • Alde batetik, euskaraz lan egiteko jendearen bila dabilen Enkarterriko familia, enpresa, denda, taberna, elkarte eta erakundeak hartzen ditu kontuan.
  • Bestetik, euskaraz lan horiek egiteko prest dagoen jendea.

Interneteko atari honetan, Beharsarea osatzen duten udalerri eta mankomunitate bakoitzak bere gunea dauka, eta bakoitzaren gunera sartzen garenean, jada argitaratuta dauden iragarkiak ikus ditzakegu edo berriak sortu. Gainera, hasiera-orrialdetik bertatik ere aukera dugu Beharsarea osoan jendea zein lana bilatzeko argitaratu diren azken 7 iragarkiak ikusteko. Aurtengo berrikuntzen artean, aipagarria da webgunearen diseinua aldatu egin dela Beharsarearen irudia eguneratzeko helburuz.

Beraz, euskaraz lanen bat egiteko jendea aurkitu behar baduzu, edo prest bazaude euskaraz lan egiteko, orain bide erraza eta zuzena duzu Inteneten: www.beharsarea.net/enkarterri

Horretaz gain, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza eskaintzen diela herritarrei interesatzen zaien iragarkia jartzeko unean: euskera@enkarterri.org