Albisteak

 

Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa Galdameseko Ogi Eguneko azokan izango da bihar, Eguberri-egunean, “Con las manos en la masa” tailerra ematen.

Tailerra larunbat goizean egingo da, Galdamesko San Pedro plazan, eta bertan dauden eta parte hartu nahi duten haur eta gazteek ogia egiteko aukera izango dute.

Horretarako, orea eman, eta ogia oratzen eta ogiari forma ematen irakatsiko zaie neska-mutikoei, eta, azkenik, ogia egur-labean sartuko dute. Parte hartzen duten guztiek euren ogia jaso eta dastatu ahal izango dute.

KIUBek honako helburu hauek lortu nahi ditu tailerraren bidez: haurrak kontsumitzailearen figurarekin identifikatzea, kontsumo-ohitura jakin batzuen alternatibak irakastea, gaztetatik elikagai naturalen kontsumoa sustatzea, haurrek norberak zer egin dezakeen baloratzea eta ikastea, kontsumo iraunkorraren inguruan heztea eta haurrak KIUB zerbitzua identifikatzen hastea.

Tailer horrekin batera, Gabonetako oporretan, KIUBek beste hainbat kontsumo-tailer emango ditu Zallan eta Sodupen jarriko diren Gabonetako haur-parkeetan.

Tailer horiekin guztiekin eta jolasen bitartez, kontsumo arduratsua sustatu nahi da, eta haur eta gazteek kontsumitzaileak babesten dituzten eskubideak zein diren jakitea.

Ildo horretatik, urriaren amaieran, Karrantza Haraneko Kontxa ikastetxe publikoan bideo-jokoei buruzko tailer bat eman zitzaien ikasleei.

Hala, KIUBek “ikasleen artean sustatu zituen bideo-jokoak eta oro har joko elektronikoak era arduratsu eta kritikoan aukeratzeko eta erabiltzeko jarraibideak”, azaldu du Esther Lasak, Mankomunitateko buruak.

Urrian, halaber, Gordexolako E. Eskartzaga ikastetxe publikoan, uraren zikloari eta ondasun natural horren kontsumo arduratsuari buruzko tailer bat egin zen.

Bestalde, Enkarterriko Mankomunitateko KIUBek urte osoan lanean dihardu kontsumoari buruzko informazioa Enkarterriko herritar guztiei helarazteko; bereziki, landa-eremuetakoei, distantzia geografikoak eta biztanleen sakabanaketa gainditze aldera. KIUBek, halaber, informazio-postu bat jarri zuen Karrantza Haraneko eta Gordexolako nekazaritza- eta abeltzaintzaazoketan. “Horrelako ekitaldiak aprobetxatzen ditugu ahalik eta kontsumitzaile gehienengana iristeko. Postuaren arduradunei unean-unean planteatu zitzaizkien gaien inguruko informazioa eman zen, baita oro har kontsumoari buruzkoa ere, eta dibulgaziozko materialak banatu ziren”, azaldu du Esther Lasak.