Albisteak

 

Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateak, Drogazaletasuna Saihesteko Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuaren bidez, Mendekotasunen Tokiko Plan berri bat jarri du abian. Plan hori 2020ra arte egongo da indarrean. Horren bidez, herritarrek eta komunitateko eragileek prebentzio-proiektuetan inplikazio handiagoa izan dezatela lortu nahi da. “Orain arte egindako ekintzak orokortu eta indartu egin nahi ditugu, eta arlo honetan egin dugun lanaren bidez antzeman ditugun beharrei erantzungo dieten ekintza berriak ezarri”, zehaztu du Drogazaletasuna Saihesteko Zerbitzuak.

Plan horrek jarraipena emango die aurrekoei, eta osatu eta indartu egingo ditu. Zehazki, hiru prebentzio-ildo landuko ditu: unibertsala, selektiboa eta egokitua.

Ildo guztiak esku-hartze esparru beretan jarriko dira abian: hezkuntza, familia eta komunitatea; hartara, gizarteko kolektibo guztiak tartean izango dira: ikasleak, familia, guraso-elkarteak, irakasleak eta irakasleak ez diren langileak, eragile komunitarioak, elkarte eta zerbitzu komunitarioak, arrisku-faktoreak dituzten ikasleak, arrisku handiko adingabeak, erabiltzaile kalteberen familiak, mendekotasuna sortzen duten jokabideak dituzten herritarrak eta, azkenik, drogak kontsumitzen dituztenak. “Gizarte osoarengana heldu nahi dugu; arriskuan ez daudenengana, batetik, prebentzio-lana indartzeko, eta arriskuan daudenengana, bestetik, informazioa emateko eta zer arrisku dituzten jakinarazteko. Azken kasu horretan ildo egokitua lantzen dugu”, adierazi dute Drogazaletasuna Saihesteko Zerbitzutik.

Pertsona bakoitzak mendekotasunen aurrean duen jokabidea asko aldatzen da hainbat faktoreren arabera, besteak beste, adinaren arabera; berdin dio mendekotasuna droga legalek (alkohola eta tabakoa), legez kanpokoek edo beste edozerk sorrarazten duen: medikamentuak, ausazko jokoak, apustuak, Interneten erabilera okerra… Hori dela eta, Enkarterriko Mankomunitatearen Mendekotasunen Tokiko Planak plangintza operatibo bat egin du, eta prebentzioaren hartzaileak gizarte-esparruaren eta adinaren arabera bereizi ditu.

Hala, hezkuntzaren esparruan, alde batetik Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei ematen zaie arreta, haiek babesteko faktoreak indartzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz. Ekintza horien helburua da, halaber, haurtzaroan izan ditzaketen arrisku-egoerak aldez aurretik antzematea. “Hori guztia egiteko, irakasleei prestakuntza eta aholkularitza emango zaie, eta sare sozialen kontsumoaren arloko prebentzioa eta erabilera ona sustatzeko hainbat tailer egingo dira”, adierazi du Esther Lasa mankomunitateburuak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), babes-faktoreak sustatzeko eta mendekotasunekin nahiz beste arrisku-jokabide batzuekin lotura duten arriskuak murrizteko lan egingo da. Horretarako, Drogazaletasuna Saihesteko Zerbitzuak egingo dituen ekintzek irakasleentzako prestakuntza, aholkularitza eta laguntza izango dituzte oinarri. Informatzeko, sentsibilizatzeko eta arriskuak murrizteko tailerrak egingo dira, drogazaletasunarekin lotuta, baina baita sare sozialen erabilerarekin, ausazko jokoekin eta apustuekin lotuta ere. Horrez gain, gizartetrebetasunak sustatzeko tailerrak egingo dira. “Ekintza horiei Eusko Jaurlaritzak sustatutako “Kerik gabeko ikasgelak”, “Adingabeak eta alkohola: iceberga” eta “Arriskua-Alkohola” programak eta “Irudi Berria” zinemaren bidezko prebentzioa gehitu behar zaizkie”, Mankomunitateko Drogazaletasuna Saihesteko Zerbitzuak azaldu duenez.

Familiaren arloan, plan honi esker, babes-faktoreak sendotu eta mendekotasuna dakarten jokabideen aurrean sortzen diren arriskuak murriztu ahal izango dira, familia-esparruan sortzen den hezkuntzaprozesuaren bitartez. Horretarako, banakako orientazio- eta aholkularitzazerbitzua jarriko da Mankomunitateko familien esku.

Komunitateari dagokionez, planaren xedea da pertsonak mendekotasunen fenomenotik babestuko dituen komunitate bat sustatzea. Horretarako, herritarrei Mankomunitateko Drogazaletasuna Saihesteko Zerbitzuak gauzatzen dituen programen eta ekintzen berri emateko ahalegina egingo da, eta mendekotasunarekin lotura duten arrisku-jokabideak dituzten herritarrak dagokion udal-bitartekoekin jarriko dira harremanetan, laguntza eman diezaieten.

Azkenik, bere horretan jarraituko du jaien eta aisialdien arloan jarrera arduratsuak sustatzeko eta arriskuak murrizteko zereginak, besteak beste, jaietako informaziorako eta drogak analizatzeko puntuaren bidez. Esther Lasaren arabera, ekimen horrek “emaitza oso positiboak izan ditu aurreko urteetan”.

Mankomunitateko Batzorde Nagusiak azken bilkuran onetsitako Mendekotasunen Tokiko Plan hau 2020. urtera arte egongo da indarrean, eta, arrakasta izango duela bermatzeko, beharrezkoa izango da komunitateko eragileek koordinatuta eta sarean lan egitea, sinergiak bateratu eta esku-hartzeen eraginkortasuna eta efikazia areagotze aldera.