Albisteak

 
  • 2016. urtean, Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzuak Lehen Hezkuntzako, BigarrenHezkuntzako, Batxilergoko eta Heziketa Zikloetako 2.729 ikasleri eman zien zerbitzua, hainbat egitasmo eta jardueraren bitartez.
  • Lehen Hezkuntzan guztira 1.479 ikaslek hartu zuten parte.
  • Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, berriz, 789k.
  • Heziketa Zikloetan 561 parte-hartzaile izan ziren.

2016an, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzuak guztira Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Heziketa Zikloetako 2.597 ikasleri eman zien zerbitzua Enkarterri eskualdeko ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan. “Informazioa emateaz eta zalantzak argitzeaz gain, tailerren helburua da jarrera arriskutsua duten ikasleak hautematea, ikastetxean bertan nahiz handik kanpo aholkularitza emateko”, adierazi du Esther Lasak, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko buruak.

Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzua hiru arlotan aritzen da: hezkuntzan, familian eta, azkenik, komunitatean.

Ikasleen adina kontuan izanik, Mankomunitateak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, eta oinarrizko helburua da osasun-hezkuntzarako eta droga-mendekotasuna nahiz beste mendekotasun batzuk prebenitzeko egitasmoak diseinatzea eta garatzea.

Bada, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan material hau banatu da: “Lagunekin baratzean”, “Osasunkume”, “Kerik gabeko gelak” eta “Emoziotegia, emozioen kudeaketa”. Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta prestakuntza-zentroetan, berriz, “Kerik gabeko ikasgelak”, “Alkoholaren arriskua-Ortzadar”, “Izeberg” (Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarekin lankidetzan eta harekin koordinatuta) egitasmoekin batera, honako hauek abiarazi dira: zinemaren bitartez osasuna sustatzeko eta drogamendekotasuna prebenitzeko “Irudi Berria” egitasmoa, substantzien kontsumoarekin eta sare sozialen erabilera okerrarekin lotutako arriskuak murrizteko tailerrak, eta gizartean bizitzeko gaitasunei buruzko tailerrak (zerbitzuko teknikari eta hezitzaileak eman ditu). “Halaber, atsedenaldietan hezitzailea gazteengana hurbildu zedila
bultzatu da, haiek galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zezaten. Hezitzailea han egoteak arrisku-egoeran dauden gazteak hautemateko aukera ematen du”, adierazi du Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzuak.

Ikasleentzako tailerrak eta egitasmoak egoteaz gain, irakasleei ere aholkuak eman zaizkie. Mankomunitateburuak gaineratu duenez, horretarako “baliabide didaktikoak eman dizkiete eta gainbegiratu egin dituzte zailtasun gehien duten eta kezka gehien sortzen duten kasuak”.

Irakasleei aholkularitza eskaini zaie, eta hori sendotzeko esku-hartzeak egin dira ikasleekin ere, ikastetxetik kanporatzea ez den beste alternatiba batzuk aztertzeko. Horretarako, heziketa-saioak egin dira eta, jokabide arriskutsuak ikusi diren kasuetan, arreta berezia ere eman da.

Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzuak jorratzen duen beste arlo bat da familien sentsibilizazioa, prestakuntza eta informazioa.

Jarduteko eremua herritar guztiengana zabaldu da; hain zuzen ere, prebentzio-kanpainak egin dira eta gazteekin zuzenean esku hartu da (lokaletan, adibidez).

Parte-hartze handia izan du, halaber, Testing egitasmoak; horren bidez, legez kontrako drogen kontsumoari loturiko arriskuak murriztu dira aisialdirako guneetan. “Esku-hartzea Zallako zaindariaren jaietan egin zen, urri hasieran, eta giro onean gauzatu zen. Horri esker, behar adinako arreta eman zitzaien drogei eta arriskuak murrizteko moduei buruz gehiago jakin nahi izan zutenei; zerbitzuak interes handia piztu zuen”, adierazi du, amaitzeko, Mankomunitateko mendekotasunen prebentziorako zerbitzuak.