Albisteak

 

Enkarterrietako Mankomunitateak eta Ecovidriok (beirazko ontzien birziklapenaren kudeaketaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakundea) beirazko ontzien gaikako bilketari buruz sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarriko dute bertako ostalariei zuzenduta. Hau baita beirazko ontziak kontsumitzen dituen sektore garrantzitsuenetariko bat, %48 hain zuzen ere.

Ecovidriok egindako edukiontzien kokapenaren azken ikerlanaren ondoren hobekuntza batzuk egin dira. Ostalariei aldaketa horien berri emateko eta beirazko ontzien gaikako bilketa arduratsu zein egoki batean parte hartzera animatzeko jarraian azaltzen den kanpaina pertsonalizatua antolatu da.

Ingurumen-hezitzaile espezializatu bat ostalaritzako establezimenduetatik pasako da haiek beiraren birziklapen katean duten garrantzia eta birziklapenak ingurumenean dituen onurak gogorarazteko. Bisita horretan euskarri informatzaile bat emango zaie iglu berdean zer bota daitekeen eta zer ezin den bota azaltzen duena, gainontzeko langile guztiak ere informatuta egon daitezen. Ostalarien iradokizun eta ekarpenak ere jasoko dira eta beira birziklatzeko kuborik ez dutenei, eskatzeko aukera emango zaie.

Ekainaren 5ean emango zaio hasiera kanpainari, Ingurumenaren Egunarekin bat eginez, eta jarraian agertzen diren herrietako ostalaritza establezimenduak bisitatuko dira: Artzentales, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.

Enkarterriko Mankomunitateak iglu berdean beirazko ontziak (botilak, tarroak eta flaskoak) soilik utzi daitezkeela gogorarazi nahi du.