Albisteak

 

Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Bizkaiko hainbat Udalekin batera abian jarri du Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina.

Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa eman zaie Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan.

Informazio hori guztia kanpainarako beren-beregi prestatu den www.nahidudalako.eus web gunean topatu ahal dute. Bertan, Bizkaiko 10 eskualdeetako datuak bildu dira: euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duten ikastetxeen datuak, euretara heltzeko garraiobideak eta bestelako datuak. Unibertsitateko eskaintza zein den ere ikusteko aukera ematen du web guneak eta horrekin batera, etorkizunera begira, izan ditzaketen hainbat zalantza argitzeko balioko die.

Aurten, kanpaina berrikuntza batekin dator: bideo bat grabatuko da partehartzaile guztiekin eta euskararekin izan duten harremanaren eta esperientziaren berri emango dute.

Gainera, web gunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera daukate, hola nola, IPAD MINI 4 wifi, 128 GB/POLAR M 600 eta OPAI TXARTELAK (75€ kirol materialean eta 75 € kultura materialean). Parte hartu ahal izateko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute eta DBH 4. mailako ikaslea izan.

Web gunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatu zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei, hau da, guztira, 195 esku-orri banatu dira ikastetxeetan.

Horrekin batera, 2003an jaiotako gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jaso dute etxean. Uste baitugu adin horretan gurasoek ere zeresana izaten dutela gazteek hartu beharreko erabakian. Guztira, 184 bat gutun bidali dira.

Bestalde, kanpainari lotuta, ikasleentzako hainbat hitzaldi antolatuko dira. Euretan euskaraz ikastearen eta erabiltzearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.eus web gunean zer aurkituko duten azaldu zaie gazteei.

Mankomunitateak hiru hitzaldi antolatu ditu: otsailaren 18an, Sodupeko Kultur Etxean Eretza Berri eta Avellaneda ikastetxeetako ikasleentzat eta Zallako Kultur Etxean Zalla BHI eta Maristas ikastetxeetako ikasleentzat. Hirugarrena, martxoaren 26an izan da San Viator ikastetxean. Bertan, Karrantza BHI eta San Viator Ikastetxeko ikasleak batu dira. Hiruretan ikasleak Elena Caballero “la Basu“ rap abeslariarekin elkartu dira eta horrek euskarak bere bizimoduan izan duen garrantzia azaldu die eta gazteak horren inguruan gogoeta egitera bultzatu ditu.

Diptikoa (PDF 3,46MB)