Agenda

Kartela 

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak aisialdiko ekintzak eskaintzen dizkio eskualdeko gazteei euskarazko harremanak sor ditzaten beste gazte batzuekin edo bere lagunekin. Hizkuntzan gizarte funtzioa eta ahozkotasuna oso garrantzizkoa dela kontuan izanda, Enkarterriko gazteek irrati uhinetan barrena murgiltzeko aukera izango dute urrian eta azaroan izango den Irrati Tailerraren bitartez.

Bada, Enkarterri irratiaren azpiegituraz baliatuz, irratigintzaren oinarrizko ezaugarri eta teknikak landuko dira, bai alderdi teknikoari eta bai esatariaren lanari begiratuta. Irratia, teknologia berriak nagusi diren mundu honetan, bizi-bizirik dirauen komunikabidea dugu. Gure inguruko berriak kontatu eta gustuko dugun musika jartzen digun hurbileko laguna da. Horrela izanda, gazteek mikroen aurrean jarri eta irratsaio bat euskaraz egiteko eta grabatzeko aukera ere izango dute, ondoren euskarazko "Musutruk" saioan emateko. (Larunbatetan 11:00-12:00).

Tailerra urriaren 30 eta 31n eta azaroaren 6, 7 eta 13a egingo da. Praktika izango da ikastaroaren helburua eta horregatik, teoria saioa jaso ostean, ikasitakoa praktikan ipiniko dute. Bi orduko saioak izango dira, 17:00etatik 19:00etara, hain zuzen. Izena emateko epea urriaren 15ean hasi eta 23an bukatuko da. Horretarako Mankomunitatera deitu behar da: 94 667 18 51 edota Euskara Zerbitzuaren posta elektronikora: euskera@enkarterri.org mezu bat bidali.

Prezioari dagokionez, parte-hartzaileek 5 euro ordaindu beharko dute izena ematean.

Kartela (PDF 2,72Mb)