Gure historia

Historiaurrea 

Historiaurrea

Enkarterriko lehen gizakia, berezitasun handiko zerbaitek erakarrita bertakotu egingo zen lurralde horretan.  

Historiaurreko arbasoen aztarnak haitzulo ugaritan aurkitu dira , esaterako, Arenaza kobazuloan Galdamesen eta Ventalaperrakoan Karrantzan.Lehenengoan, Magdaleniar Aroko pinturak eta grabatuak aurkitu dituzte baita Neolitiko eta Brontze Aroko arrastoak ere. Ventalaperra haitzuloan orain dela 70.000 urte inguruko Neanderthal gizakiaren arrastoak aurkitu dira baita Kromagnon gizakiaren hainbat aztarna ere.

Aztarnategi bi horietan ez dago sartzerik oraingoz, indusketak burutzen ari dira eta.

Haitzulo bi horietaz gain, historiaurreko zibilizazioetako lorratzak honako leku hauetan ere azaldu dira: Karrantzako El Polvorin-en eta Santa Isabel-en, Lanestosako Cuestalaviga-n eta Turtziozeko La Miel-en.

Trikuharriak, tumuluak eta bestelako hilobi monumentuak ere aurki daitezke. Trikuharriak Betaio eta Ventoso mendietan eta Alen mendiaren inguruan ere ikus ditzakegu, Sopuerta eta Turtziozen artean. Turtziozen ere badaude trikuharriak, Armañon mendian, hain zuzen. Karrantza eta Lanestosa artean La Cabaña, Cotobasero eta La Galupa-ko trikuharriak daude. Karrantza eta Villaverde de Trucios artean Eskitza estazioa kokatzen da. Trikuharri gehiago Balgerri mendian eta Trianoko mendietan daude.

Burdin Aroko auzune bi daude Galdamesen: El Cerco eta Pico Moro. Karrantzan, bestalde, Aro horretako zenbait ehorzketaren arrastoak geratu dira Molinarreko El Bortal haitzuloan.

Aro Erromatarra

Enkarterriko erromanizazioa handia izan zen. Erromatarrak k.a. 25, urtean iritsi ziren. Goi-lautadatik iparraldeko portuetara salgaiak eramaten zituzten merkatarientzat pasagunea zen Enkarterri, eta horrexegatik ohartu ziren beraren balio estrategikoaz.

Erromatarrengandik geratu zaigun aztarna bakarra Galtzada Erromatarra da. Hau Burgosetik sartzen zen Balmasedan, eta eskualdea Sopuertatik zeharkatu eta Las Muñecas mendateraino heldu ondoren, Castro Urdialeserantz abiatzen zen Ibilbidea mugarrien antzeko miliarioek adierazten zuten eta haietako bat, Maximinoren ohorez egindakoa, Enkarterriko museoan dago ikusgai.

Erdi Aroa

Erdi Aroa Erdi Aroan, eskualdeko hiribildu, errepublika eta kontzeju guztiak toki sinboliko batean biltzen ziren lurraldearen administrazioa burutzeko. Oraindik ere, Artzentaleseko San Miguel de Linares plazan, biltzarren lekuko zen haritz zaharra (Rebollo del Concejo izenekoa) ikus daiteke.

Denborak aurrera egin ahala, Avellanedan hasi ziren hamar errepubliketako ahaldunak Batzarrean biltzen. Berez zegokien eskualdeko Foruaren arabera burutzen zuten. Usadio-Foru hori 1394 urtera arte idatziz jasota izan zen eta Foru Zaharra zuen izena. 1503an berritu eta Foru Berria jaio zen.

1576an Enkarterri Bizkaiko Jaurerriaren menpean egotera pasatu zen itun baten bidez, "Enkarterriko gobernua eta jurisdikzioari muzin egin gabe". Zeinek bere lurralde, jurisdikzio pribatiboa eta gobernua zuen eta Gernikara soilik joaten ziren Bizkaiko Jaurerriarekin batera zituzten kontuak zirela eta. Izan ere, eskualdea gobernatzeko, Avellanedako Batzarrera bidaltzen zituzten ordezkariak.

1804ra arte Enkarterriko errepublika guztiek ez zuten bat egin Gernikako Batzar Nagusiarekin.

Hastapenetan, Enkarterriko Batzarrak Avellanedan egiten ziren, haritz baten alboan. Geroago dorrea, korregidorearen etxea, espetxea eta Aingeru Guardakoaren baseliza eraiki ziren, egun Avellaneda multzoa osatzen dutenak. (Gaur egun dorrean Enkarterriko Museoa dago, non eskualdeko historiarekin zerikusia duten objektu asko ikus daitezkeen).

Kolitza menditik dei egin ohi zuten Enkarterriko ordezkariak Gernikara, Bizkaiko Jaurerriko Batzarretara, joan zitezen.

Banderizoen Gerrak

DorreaBerant Erdi Arotik Bizkai osoa astindu zuten banderizoen gerrak bereziki ankerrak izan ziren Enkarterrin, XIV mendearen erdialdetik XV mendera arte, batik bat.

Ganboar eta oñaztarren arteko gerrak ziren baita eurekin elkartzen zirenen artekoak ere, esaterako, Gil, Negrete, Salazar, Zamudio etab.en leinuak. Bando batetik bestera oso erraz aldatzen zirenez, leinuek beren etsaiak izandakoen aurka borrokatzen zuten, betiere Ahaide Nagusia edo Leinuaren Jaunaren inguruko taldeetan bilduz.

Banderizoen gerretan zehar dorretxea zen defentsarako sinbolo nagusia. Izan ere, leinu bakoitzak zeukan bere gotorlekua eta idazkiek Enkarterriko 88 dorretxeren berri ematen digute, haietako askok egun zutik dirautelarik.

Banderizoen gerren amaieraren ondorioz, eraikin zibilak areagotu ziren eta dorretxeek helburu militarra galdu zuten. Dorretxe asko jauregi bilakatu ziren eta aldi berean jauregi mota berria garatuz joan zen.

Antzinako Erregimena

Antzinako Erregimenean nekazaritza zen jarduera ekonomiko nagusia eta honen oinarriak garia, artoa eta batez ere, mahatsa ziren. Ohiko burdingintza eta hiribilduetako artisautza eta merkataritza jarduera osagarriak ziren.Agintea handikien eskuetan zegoen eta beraiek ziren lur eta etxe askoren eta ola eta errota gehienen jabeak.

Eskualdeko biztanle gehienak baserritarrak ziren eta beraien egoera ekonomikoak izugarri desberdinak izaten ziren, hau da, batzuk baserri biren jabe ziren eta bestetzuk ezertxo ere ez zuten.

Aro Modernoa

Enkarterriko burdinari esker industria izugarri garatu da. Antzinako olak desagertu ondoren burdinaren ustiaketa intentsiboa hasi zen, Galdames eta Sopuerta mendietan.

Nabarmentzekoa da Mollinedoko ola Artzentalesen.Hiru gauzak lagundu zuten merkataritza eta altzarigintzaren garapenean: joan-etorrietarako lekua izatea, lehengaia izatea (basoa) eta Cadagua ibaia bertatik pasatzeak.